XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EZAGUN nuen gizona.
Pentsatzen zuen,
mila arazotan ziharduen,
asmakizun harrigarrien
sortzaile zen.

Hauzotegi tzar elkarganatuak multzokatu ditu zelaietan,
ostilamendu eta paper bihurtu zituen zuhaitzak,
gernu eta azidoentzat errestali egin ditu hibaiak.

Egun askoren heriotza darama begizulotan gizonak
begiak hilduratzen.

Larunbatetan hiriz kanpo irten nahi du
bizitza berritu liezaiokeen igande lasaiaren bila;
hiri-bizitza arazotsuaren larri-presiotatik irten
eta goiz ederra halako berpizkunde baten atsegina du
amorratzen.

Zelai beti berriak opa ditu eta betiko gaztetasuna.
Arbolak lasa liratekeen basadiak opa ditu eta atsedena.
Hibai berriro garbiak eta zoriontasun amaigabea.

Hiria baino lehenagokoa da.
Gogo asekaitzak darabil lorkizun berrien bila
eraiki dituen hormigoi eta kristalezko dorretan,
unibertsitateko gelatan,
hauzotegi tzar elkarganatutako edozein bizitzatan,
nonahiko txabolatan,
asmatu ezin duen, ala bereganatu ez duen guztiaren
ondoren,
dena beharrean, gehiago beharrean,
begi nekatuz astrapala handiko bidez dihardu gizonak.